BANA

Asteburu oparoa gure kadete eta juniorrentzat, zeinetan eguraldi onak azken lasterketetako eguraldi txarra gainditu duen.

Juniorrek Deban izan zuten hasiera eta helmuga, lasterketa oso lehiatua behin eguneko igoerak hasi zirenean. Unai eta Axular talde nagusian buru-belarri izan ziren eguneko ihesaldia zapuzteko, eta helburua lortu ez bazen ere, Unaik taldetik ihes egin eta bigarren postua eskuratu zuen, Axular zortzigarren helmugaratuz, talde nagusiaren barruan. Amauri (borrokalari lasterketaren hasieran) eta Alain bigarren multzoan heldu ziren eta Oinatzek, bere partetik pixkat atzeraxeago bukatu zuen, oraindik bere errekuperazio prozesuan sartuta dagoela. Zornotza dute xede larunbat honetan, aski ezagutzen duten ibilbidean.

Kadetetan beste behin bideak zatitu ziren, eta horrekin emaitzek ere bi alde erakutsi zuten. Zestoan, Ametsek garaipena erdietsi zuen, errepideko denboraldiko lehena, sprintean aise irabaziz beste aurkariei, Xuban talde berean helmugaratuz. Aipatzekoa ere Miguelen lanak, oldarkor lasterketako zenbait momentutan. Aiarako Biran, lehiaketako astebururik gogorrena egokitu zitzaien gure taldekideei: larunbateko etapan eguneko ihesaldian izan ostean, eroriko batek gure gazte gehienen aukerak zapuztu zituen, Markelek eskumuturrean kolpea jaso eta erretiratzera behartua ikusi zelarik. Bi egunetan taldeko aurreratuena Martin izan zen, gainontzekoak goi mailako hiru asteburuko lehiaketak uzten duen nekea jasan ostean lan nahikoak izan zituzten honekin bukatzeko. Juniorren bezala, Zornotzan izango dute lehia berria, Etxano eta Urumineko koska erabakiorrek esango dute noraino helduko diren.

BTTko gazteek Ispasterreko Green Seriesan lehiatu zuten, lokatzaren egoerak bereizten zuen lasterketan. Kadetetan Markel eta Andoni hirugarren posturako borrokan mantendu ziren, Markelek postu hori helmugan erdietsiz (Andoni laugarren), sasoi onean daudenaren islada garbia. Juniorretan, aldiz, Anderrek, Hegoik (gutxinaka errekuperatzen) eta Iparrek bezala, ez zuten ez eguna ez zoria bere alde izan, ohituta dauden postuetatik urrun sailkatuz. Batzuk Zornotzan errepidekoekin lotuko dituzte indarrak, beste batzuk, ordea, atseden hartu edo Alpedreten (Madril) ospatuko den Espainiako Kopa froga berrian parte hartuko dute.

Txikienek ere Ispasterren izan zuten hitzordua, kadete eta juniorrek ez beste, hauek larunbatean ospatuz haien lasterketak. Lokatzetan blai bukatu zuten, esperientzia eta irakaspen berriak jasoz hurrengo erronketarako prest.