
Larunbatean juniorrek Karrantzako ibilbide sigi-sagatsuan lehen kilometroetatik erne aritu ziren, Jon eta Unai eguneko ihesaldian sartuz. Lasterketako portu nagusian biak gelditu ziren lasterketa buru, helmugan eskuak altxatuz, Jonek bere lehen garaipena erdietsiz. Axularrek pelotoian kontrol-lana egin ostean, atzetik aurrerakoa egin zuen igoeran eta eskura izan zuen podiuma, laugarren helmugaratuz azken momentuan, eta honi esker taldeko sailkapena lortu genuen. Horrekin batera, Unaik Tarteko Helmuga eta Mendiko Saria ere irabazi zuen, eta bereganatutako puntuekin Bizkaiko Kopako lidergoa eskuratu zuen.
Igandean Muskizko plaza izan zuten hitzordu bai juniorrak eta kadeteak. Aurreko egunean txanponak gure alde egin bazuen, honetan txanponaren beste aldea ezagutu zuten, Kopan bigarren sailkatutakoa hasieratik joan eta atzetik aurrerakoa behin eta berriz egiten saiatu ziren arren, ez zuten helburua lortu. Axular izan genuen taldeko onena, bederatzigarren, Jon eta Unairen lehen hogeiren inguruan amaituz. Larunbat honetan Araiako zirkuitu bizkorran izango dira lehiatzeko prest.
Kadeteek ere ez zuten euren eguna izan Muskizen, hainbat ezbeharreko (zulatuak eta erorikoak barne) eduki zituzten eta Ametsek atzetik aurrerakoa egin behar izan zuen ihesaldia harrapatzeko, baina egindako esfortzuaren ostean ihesaldira hustuta heldu zen, amaieran lehen hamarren atarian sailkatuz. Larunbatean Kantabriara egingo dute salto gure kadeteek, Solaresera, hain zuzen ere.
Mendizaleek Euskadi XCO Open-a eduki zuten Oiartzunen eta albiste ezin hobeak ekarri zizkiguten. Kadetetan Andonik garaipena lortu zuen lasterketa borobila osatuta eta Juniorretan Anderrek hirugarren postua lortu zuen, Jonek ere lehen bostetan sailkatuz. Honek berebiziko balioa izango du Abadiñon ospatuko diren Euskadiko Txapelketetan; emaitza hauei esker, buruan hasiko dute lasterketa. Bitartean, beste lasterketa batzuk izango dituzte, hurbilenekoa Lizarrako Superprestigioko lasterketa.
Eskoletako taldekideak Berangon izan zuten Udaberri Kopako lasterketa, non neskek eta mutilek batera lehiatu zuten, pelotoi handiagoan moldatu behar izan ziren denak, geroz eta hurbilago duten kadete kategoriari hurbiltzeko modu aparta.
Zoriontzeko asteburua egin dute gure gazteek, hori bai, ikasteko asko dago oraindik ere!