
Juniorretan Zegamako lasterketa euritsuan maisuki aritu ziren gure taldekideak; Axular hasierako ihesaldietan sartuz, Jon kontrol eta pelotoiaren agintean eta azkenik Unai aurretik egindako lana borobildu zuen azken txanpan garaipena eskuratzeko, urteko lehena junior taldearentzat. Egun batzuk geroago, Urduñako hitzorduan, Unai hasierako ihesaldian sartu eta gero, gorriak ikusi eta ikusiarazi zien ihesaldiko kideei, talde berdineko laukotearen aurka saiakerak egin zituen bakarrik alde egiteko, baina azkenik laugarren postuarekin “konformatu” zen, indar erakustaldia eman ostean. Atzetik, Axular lehen hamarren artean sartu eta Jonek, zoritxarrezko erretiroa hartzera behartuta ikusi bazen ere, lan eskerga handia izan zuen ihesaldiaren taldea ez handitzeko lanetan. Azpimarratzekoa ere Unai Borrajoren itzulia lasterketetara, belauneko lesio luzea izan ostean.
Kadeteak, bere partetik, Arespalditza eta Eibarko lasterketetan erne ibili ziren, Amets bietan (6. eta 7.) lehen hamarren artean helmugaratuz, baina horrekin soilik ez gara geratuko. Arespalditzako lasterketan, Martin eguneko ihesaldian sartu zen eta Xuban oso erne mantendu zen pelotoiko buruan ihesaldia bere horretan mantentzeko. Horren hurrengo asteburuan taldekide gehienek Seguran izan zuten beste hitzordua, lasterketa osoan oso aktibo mantenduz, Martin eta Raúl batez ere. Helmugan Martin izan zen gure taldekideen artean goren sailkatu zena, hogeigarren postuaren ingurumari horretan.
Kadete eta Juniorrak Urdulizen bildu ziren Bizkaiko Taldekako Erlojupeko Txapelketan lehiatzeko, eta honetan biek zein biek guztiz menderatu zuten lasterketa, Juniorretan (Alain, Axular, Jon eta Unai) zein Kadetetan (Amets, Aratz, Markel eta Xuban) urrezko domina erdietsiz, minutu erdi baino gehiagoko abantaila lortuz bigarrenekiko, txirrindulariek zein zuzendariek egindako prestaketa onaren seinale.
BTTn Artxandan izan zen lasterketan, kadete zein juniorretan emaitza berdina lortu zuten hobeen sailkatu ziren gureek: kadetetan Andoni bosgarren helmugaratu bazen, juniorretan Anderrek berdina lortu zuen, biek maila txukuna emanez, sasoian daudela ez dago zalantzarik. Bestetik, Jonen itzulera ere azpimarratzekoa da, bi hile ostean dortsal bat heldulekuan jarriz.