MEND(IK)ATE HONEK LOTUTA

Asteburu motza.

Asteburu “motza” gure taldearena, lasterketa guztiak igandean ospatu baitziren, Iparraldeko errepide zein Meatzaldeko basoetan gureek protagonismo handia izanik.

Ortuellan Green Serieseko froga berria ospatu zen eta zirkuitu lokaztu eta gogorra egokitu zitzaien, azkenaldian ohi den moduan. Kadetetan, Markeli azkenengo momentuan podiumeko hirugarren postua hatzamar puntatik ihes egin zion, baina pozik egoteko laugarren postua eraman zuen etxera eta Andonik, egunik onena ez izan arren, lehen hamarren sailkapena ixteko gai izan zen. Juniorretan, Anderrek aurreko astekoari buelta eman eta zortzigarren helmugaratu zen, UCI puntu gehiago eskuratuz. Nabarmentzekoa ere taldekide askoren zoritxarra, matxurak medio. Orain atseden txiki hartuko dute lasterketa berrietan lehiatu baino lehen, urteko helburua hurbiltzen doa eta.

Errepidean, Baionatik Lizarrietako mendatera egin zuten bidea, Lapurtarren Itzulian, hain zuzen ere. Lasterketa erabat zoroan, gure juniorrak aurrean mantendu ziren momentu oro, eta azkenengo kilometroetan ere sendo aritu ziren, Unairen bigarren postua eta Axularren zazpigarrena nabarmenduz.

Asteburu honetan taldea bitan zatituko da, Unai eta Axular Mallorcan izango dira (Aratz eta Ametsekin batera) Espainiako Pista Txapelketan, eta gelditzen direnak Agurainen izango dute erronka berria, Euskal Herria Txapelketako hasieran.

Gure eskolako umeek itxi zuten asteburua, Ortuellako Mini Green Seriesan, oso ondo arituz orokorrean. Nabaritzen da lokatzetan hezita eta hazita daudela. Horrela jarrai bedi.