BIDE GUZTIEK ELKARTZEN GAITUZTE

Asteburu oparoa gure kadete eta juniorrentzat, zeinetan eguraldi onak azken lasterketetako eguraldi txarra gainditu duen.

Pasa den asteburuan Zornotzan batu ziren kadete eta juniorrak, bakoitza bere orduan, eta mendiko bizikleta gehienak etxean gelditu ziren bertan parte hartzeko helburuarekin.

Goizean kadeteak abiatu ziren eta zoria ez genuen batere alde izan: eroriko, zulatu, bizikleta apurketa zein bestelako matxurek erabat zapuztu zuten gure txirrindularien aukerak, Amets lehen hogeiren artean sailkatuz. Nabarmentzekoa ere Raúlen kemena, eguneko ihesaldian sartuta protagonismoa izatea lortu zuen. Orain, gure kadeteak atseden apur bat hartuko dute Aste Santua baliatuz, baina bueltan berriz izango dira bideak astintzeko prest.

Juniorrak arratsaldean abiadan ziren, eta honetan emaitzak zerbait ezberdinak izan ziren. Erdi bideko koskek lasterketa erabat hautsi ostean, Unai eta Axular aurrean mantendu ziren, ihesalditik ez oso urrun. Unaik aurrera jo zuen eta buruarekin lotzeko gai izan zen arren, sprintean indarge gelditu zen, bosgarren postua lortuz, Axular atzeko taldean lehen hogeiren barruan sailkatuz. Igande honetan Iparraldetik (Baiona) mugara (Lizarrieta) eramango gaituen bideetan izango gara beste behin lehia emateko intentzioarekin.

Mungian izan zen Udaberri Kopako froga berria taldeko gazteenentzat, zirkuitu gogorrean ospatu zena. Aldapei ohituta egon ez arren, ziur gaude gozatu zutela, horrez gain, ikasteko beta eta aukera gehiago izango dituzte datozen asteetan.